XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eliza, Beizamatik ekarritako San Pedro irudiaren giltzetaraino bete-betea. Jendea serio.

Sakristauak ere bere gexal aurpegia ezkutaturik bezala aurkeztu zigun.

Nork antzemango orduan hari zetorkiona?.

Aspaldian erabili gabeko organoak, ezin hobeagoz jo zuen Rekiem.

Baina zeremonia erdian-edo, Don Klemente infernuko suak gora eta infernuko suak behera sermoian bete-betean ari zela, arrotza azaldu zen atenagusitik, kanpoko terral itxiari bide irekia utziz.

Aldareruntz begira eta inor ikusi gabe, zeharkatu zuen pasillo laburra harik eta aurreko aulkietan eseri artean. Emakumezkoenetan gainera.

Herri osoak bera zuen aztergai.

Don Klemente berak ere, sutsutasuna baretu zuen arrotza eseri zen bitarte horretan.

Aulkietan, isiltasun gogor batetik zurrumurru zaratatsura iragan zen.

Apaizak, zurrumurrua gailendu nahian-edo, ozenago hotsegin zuen sermoia.

Kanposanturako bidea Albizturra, alargunaren ondoan eman zuen bidegurutzeraino, han Perretxerakoa hartu zuen auzunea zaintzen duten hiru muinotaruntz.

Zerraldoa lurrez estali zutenean arratsaldeko zazpiak jo zuten auzuneko kanpaindorrean.

Ordurako arrotza, Fabianek berak saldutako bordara itzulia zen eta handik entzungo zuen hilkanpaia kexu urratua balitz haizean zehar, terralez barreiatua.

Egun hartatik aurrera hasi ziren susmo txarrak azaltzen geure artean, jakin nahi nikek zerk ala zeñek ekarri dun honuntza, Alajaña! hilotzak hitzeiñgo balute...!.